TXOKOAN EMAKUME PILOTARIEN ELKARTEA: AITZINDARIAK

Miércoles, 26 Noviembre 2014 15:25

Emakumezkoek betidanik jolastu dabe pelotan, baina tradizionalki erreminta erabili dabe. Guztioi etorten jaku burura erraketisten adibidea, XX. mendeko hasieran paleagaz jokatzen eben neska hareek. Aspaldian desagertu ziran, eta lekukoa Larrabetzun hartu dabe, baina pala barik. Igaz, ama batzuk Txokoan emakume pelotarien alkartea sortu eben, emakumezkoek osatutako Euskal Herriko esku-pelotako lehenengo taldea. 

 

“Igazko Gabonetan pelota topaketak egon ziran Larrabetzun, Olarreta pelota eskola bultzatzeko, eta guraso eta umeak batu ziran bertan. Haurren artean neskak eta mutilak egozan, baina guraso taldean, gizonezkoak bakarrik. Eta amok pentsau genduan: zergatik ez dago emakumezkorik? Eta batzuok erabagi genduan geuk be jolastu behar genduala”. Mari Carmen Zubiaur Txokoan emakume pelotarien alkartearen sortzaileetako baten berbak dira. Mari Carmenek 46 urte ditu eta txikitan pelotan olgetan eban Lezaman. Orain antxinako zaletasuna berreskuratzeko aukerea sortu jako. “Pelotea droga bat bezalakoa da, harrapau egin nau”. 

Eta bera ez eze, beste neska batzuk be badagoz harrapauta. Izan be, lehenengo urtean zortzi neska hasi ziran taldean; aurtengo ikasturtean, postera, 21 emakume dagoz. Izugarrizko arrakastea, oso denpora tarte txikian. Joanes Kamara nesken entrenatzailea da eta, bere ustez, taldean dagoan giro polita da gakoa. “Neskek kirola egiten dabe, eta bide batez, barreak egiten dabez eta, oro har, primeran pasetan dabe. Aisialdiaz lagunen artean disfrutetera etorten dira taldera, beste asmo barik”. 

Holan da, neskek ez dabe profesionala izateko grinarik adierazo, baina argi dago Txokoan alkartea erabat aitzindaria dala. “Zerbait historikoa da, senior kategoriko emakumezkoei zuzenduta dagoan esku-pelotako talde bakarra dalako. Emakumeen bardintasunari jagokonez aurrerapausua da, bai horixe! Historikoki, neskek pelotan jolastu dabe, bai, baina normalean erremintea, palea, erabili dabe, baina bertan ez, taldekideek eskuz jolasten dabe”, esan deusku Joanesek. “Ez dogu pentsetan aitzindari garanik, ez ezer, baina taldeak argi ixten dau emakumeok be kirola egin ahal dogula eta horretarako, ez dala ezer berezirik behar: ez ekipajerik, ez ezer. Pelota bat hartu eta kitu!”, dino Mari Carmenek. 

“Hasieran ez neban pentsau bereziki taldearen esangureari buruz, baina hainbat aldizkaritan-eta atera garanez, apurka-apurka barneratu egin dogu. Argi dago zerbait aitzindaria dana, baina gu ez gagoz horregaitik taldean. Gu ondo pasetara eta kirola egitera baino ez gara etorten”, esan deusku Ane Baraiazarra taldekideak. Anek 23 urte ditu, eta gazteenetarikoa da. Txikitan pelotan jolasten eban Larrabetzuko Olarreta eskolan, baina 14 urtegaz olgetari itxi egin behar izan eutson. “Hasieran mutilakaz jolastzen dozu, baina nerabezaroa datorrenean, mutilak zu baino indartsuagoak dira eta ezin dozu euren kontrako lehian sartu”. 

Taldea gura dauenari dago zabalduta eta ez dago kideen profil zehatzik, mota guztietako emakumezkoek osatzen dabelako. Gehienak Larrabetzukoak dira, eta adinari jagokonez, 17 urte 46 urte bitarteko neskak dagoz. Ainhoa Alaiogoikoak, esate baterako, 39 urte ditu eta aurten, urrian, hasi da taldean. “Koadrilako lagunen bidez sartu nintzan taldean. Ez dot inoiz pelotan jolastu, baina izugarri gustetan jat. Gogorra da, eskuetan mina dodalako eta entrenamentuak leher-leher eginda bukatzen dodazalako, baina hurrengo astea noz etorriko irrikan nago (kar, kar)”. 

 

Metodologia berbera 

Neskak astean behin batzen dira entrenetako eta bertan, Joanesen laguntzagaz, hainbat gauza ikasten dabez: zelan emon peloteari, zelan jakin nora joango dan pelotea... Ikasten daben guztia da garrantzitsua, bai lesinoak ekiditeko, bai pelotarien maila hobetzeko. Entrenamentuak egiteko orduan, Jonesek ez dau desbardintasunik igarri mutilen eta nesken artean. “Metodologia bardintsua da, baina egia da neska batzuk ez dabela inoiz pelotan jolastu, edo aspaldian ez dabela jolastu. Kirol baten txikitatik aritzen bazara, teknikea eta taktikea barneratzen ikasten dozu, baina heldua zarala hasten bazara, zerotik hasi behar da. Baina neskak moldatu egiten dira”. 

Esku-pelotariak diran mutilakaz alderatuta, neskek daben araudia eta frontoiaren neurriak bardinak dira, baina materiala ez, ostera. Emakumezkoek eskunarruak erabilten dabez batzuetan, eskuak babesteko, eta pelotak bigunagoak dira. Janzkerea be ez da bardina. “Hasierako partidetan ez genkian neskek gonea ala prakak eroan behar ebezan eta azkenean erabagi genduan bakotxak gura dauena egitea. Horrek, nahiz eta garrantzirik ez euki, kezkea sorrarazo eutsen emakumeei (kar, kar)”, dino Joanesek. 

Momentuz entrenamentuak eta euren arteko partidak baino ez dabez egiten, inguruan klub gehiagorik ez dagoalako. Udan talde bat sortu zan Iruñean, Larrabetzuko taldekide baten bidez. “Iturbide familiakoek izugarrizko laguntza emon deuskue. Eurek, jatorriz, nafarrak dira eta izugarrizko zaletasuna dabe pelotarako. Paulak gugaz jolasten dau, eta Iruñean Ruth ahiztak eta gurasoek sortu eben taldea. Udan hara joan ginan eta jaialditxu bat antolatu genduan eurekaz, eta gero nafarrak hona etorri ziran Larrabetzuko jaietan”, azaldu deusku Mari Carmenek. 

Bizkaiko Federazinoak babesa eskaini deutsie aurrera egiteko eta, antza danez, beste kluben bat sortzen saiatzen dabilz Arratia aldean. Hori gertatzen dan bitartean, Larrabetzuko neskek jarraitu egiten dabe peloteari emoten eta, ahal dan neurrian, emakumeen esku-pelotea lau haizeetara zabaltzen. Esate baterako, azaroan, Zamudioko jaietan jaialdia eskaini eben. “Ea hango neskaren bat animetan dan eta gugaz jolastera datorren. Edo are gehiago, ea neska bat baino gehiago diran eta bertan be talderen bat sortzen daben!”, aitatu dau entrenatzaileak, itxaropentsu. 

Publicado en Federado